D’Capricho talde kubatarren kontzertua izango dugu Urumea Euskaltegian, ekainaren 17an, 18:30ean. Danieuris eta Daniellis Moya Ávila ahizpek osatzen dute D’Capricho taldea, Habanakoak dira, eta Euskal Herrian dabiltza kontzertuak eskaintzen. Kubako poeta onenen letrak ez ezik zenbait euskal poetaren letrak ere kantatzen dituzte, hala nola Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Xabier Lete, Jon Gerediaga eta Miren Agur Meabe.
Euskal Herrian izan ziren 2013an ere. Bira interesgarria egin zuten, eta aurten berriro etorri dira beren lehenbiziko diskoa aurkeztera, “Son en sus poemas” izenekoa, eta Eliseo Diego eta Fina García Marruzen poesiak biltzen dituena. Hurrengo diskoa euskaraz argitaratzeko asmoa dute, eta prestatzen hasita daudenez, kantu batzuk eskainiko dituzte.